Goi Mailako kirolari, teknikari edo epaile izateko aitorpena eska dezakezu?
Helburua da azken denboraldietan nazioarteko emaitza nabarmenak lortu dituzten edo ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek aukera hori ezagutzea eta, hala badagokie, Goi Mailako aitorpena eskatu ahal izatea.
Kirolariak
Kirolarien kasuan, eskatzen diren emaitzak kategoriaren eta modalitate edo diziplinaren izaera olinpikoaren arabera aldatzen dira.
A taldea — modalitate olinpikoak, kategoria absolutua
Talde honetan modalitate olinpikoetako kategoria absolutuko kirolariak sartzen dira. Banakako probetan, honako emaitza hauek hartzen dira erreferentziatzat:
| Lehiaketa | Eskatutako emaitza |
|---|---|
| Joko Olinpikoak | Parte hartzea |
| Munduko Txapelketa | 32. postua edo hobea |
| Europako Txapelketa | 16. postua edo hobea |
| Munduko rankinga | 20. postua edo hobea |
B taldea — diziplina edo modalitate ez-olinpikoak, kategoria absolutua
Talde honetan modalitate olinpikoetako diziplina ez-olinpikoetan aritzen diren kirolariak eta modalitate ez-olinpikoetako kategoria absolutuko kirolariak sartzen dira.
| Lehiaketa | Eskatutako emaitza |
|---|---|
| Munduko Txapelketa | 16. postua edo hobea |
| Europako Txapelketa | 8. postua edo hobea |
| Munduko rankinga | 15. postua edo hobea |
C taldea — absolutuaren aurreko kategoriak
Talde honetan edozein modalitate edo diziplinatako kirolariak sartzen dira, betiere kategoria absolutuaren aurreko kategorietan lehiatzen badira.
| Lehiaketa | Eskatutako emaitza |
|---|---|
| Munduko Txapelketa | 8. postua edo hobea |
| Europako Txapelketa | 4. postua edo hobea |
Teknikariak
Goi Mailako aitorpena teknikari gisa ere eska daiteke. Horretarako, Goi Mailako kirolari izendatutako pertsona batek egiaztatu beharko du eskatzailea dela bere kirol-prestakuntzaren arduradun tekniko nagusia.
Beraz, Goi Mailako aitorpena lortzeko baldintzak betetzen dituen kirolari baten prestakuntzaren arduradun nagusia bazara, aukera hau zure interesekoa ere izan daiteke.
Epaileak
Epaileen kasuan, nazioarteko esparruko lehiaketa ofizialetan benetan parte hartu izana egiaztatu beharko da.
Zer abantaila ditu Goi Mailako aitorpenak?
Goi Mailako izaera aitortzeak araudian jasotako hainbat neurri eta onura eskuratzeko aukera ematen du; besteak beste, bekak, unibertsitateko eta unibertsitateaz kanpoko ikasketetarako laguntzak eta bestelako abantailak.
Informazio gehiago eta eskaera
Goi Mailako eskaerak aztertzen dituen batzordea urtean bitan biltzen da. Baldintza guztiak, prozedurari buruzko informazioa eta eskaera egiteko sarbidea Eusko Jaurlaritzaren webgunean daude eskuragarri.
Informazioa kontsultatu eta eskaera egiteko
Iturria: Euskal Kirol Federazioen Batasunak (UFDV/EKFB) 2026ko irailaren 23an Euskadiko kirol federazioei bidalitako jakinarazpena.





