ABIADURAKO MUNDUKO KOPA

Datorren asteburuan, Szegeden (Hungaria), Munduko Abiadura Kopa izango da, denboraldi honetan nazioartean antolatuko den abiadura-piraguismoko proba bakarra, COVID-19ren krisiak eragindako osasun-egoeragatik eta kirolari eta taldeek behar bezala entrenatzeko eta normaltasunez bidaiatzeko dituzten zailtasunek bultzatuta.

Bertan bi euskal palista izango dira.

Iñigo Peñak (Itxas-gain Zumaiako Urola Itsas-adarreko p.k.) K2 1000 metroko proban parte hartuko du Gaztela-Mantxako Francisco Cubelos bere taldekidearekin batera, zeinarekin 2018 eta 2019ko Munduko Txapelketetan zilarrezko domina lortu zuen. Aurrekari hauek eta duela gutxi egindako nazio mailako hautatze probetan erakutsitako maila bikainak, Hungariar hiriko pista mitikoan domina bat eskuratzeko aukera handiak dituela pentsatzera gonbidatzen gaitu.

Bestalde, Begoña Lazkanok (Donostia Kayak, K.E.) taldekako ontzietan ere parte hartuko du. Kasu honetan, K2 eta K4 500 metroetan. K2an Laia Pelachs katalanarekin batera, Alicia Heredia eta Isabel Contreras ere batuko direlarik lauko ontzia osatzeko. Lau palistek ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar, eta hori, zalantzarik gabe, abantailatzat har daiteke ontzi hauetan beren indarrak bateratzeko orduan, emaitza onenak lortzen saiatzeko ahaleginean.

Federazio honetatik animo guztiak bidaltzen dizkiegu gure bi palistei, euren helburuak bete eta emaitza onekin itzuliko direlakoan, denboraldi ezohiko honi ahalik eta amaiera onena emateko.

 

SLALOMeko EUROPAKO TXAPELKETA

Joan den asteburuan Europako Slalom Txapelketa izan da Pragan (Txekiar Errepublika), denboraldi honetan egingo den nazioarteko proba bakarrenetakoa, COVID-19ren krisiak eragindako osasun-egoera dela eta.

RFEPa talde txiki batekin joan zen bertara, baina, ohi bezala, kirol maila handiko euskal palisten ordezkaritzarekin.

Emakumezkoen C1 txapelketan Miren Lazkanok (ATSS) parte hartu zuen, eta bi urtez lesioagatik maila altuko lehiaketetatik kanpo egon ondoren, txapelketa bikaina burutu zuen, finalera sartuz, non zazpigarren amaitu zuen. Emaitza bikaina da, zalantzarik gabe, eta nazioarteko maila gorenera bueltan dagoela adierazten du. Patruilen proban bosgarren postua lortu zuen, bere taldekide batek pala galdu ondoren, 66 segundoko penalizazioa suposatu zuena.

Gizonezkoen K1ean, Joan Crespok (Santiagotarrak, K.E.) eta Samuel Hernanzek (ATSS) aurrera egin zuten kanporaketetan arazo handirik gabe. Finalerdietan Joanek 13. postuan finalista postua lortu zuen, eta Samuel, 4. atean akats bat egin ondoren, nahi baino denbora gehiago galtzea eragin ziona, 20. postua lortu ondoren kanporatua izan zen.

Finalean, Joanek 11. postuan bukatu zuen, emaitza oso positiboa delarik denboraldi arraro eta zail honetan.

Patruilen proban bederatzigarrenak izan ziren.

Azkenik, emakumezkoen K1 mailan, Olatz Arregi (ATSS) kanporatua izan zen bigarren kanporaketan, 8. atean 50 segundoko penalizazioa jaso ondoren. Patruilen proban, 6. postua lortu zuen bere taldekideekin batera. Zalantzarik gabe, bere gaztetasun eta kalitateak etorkizun hurbilean emaitza horiek hobetzeko konfiantza izatera ere gonbidatzen du.

Beraz, denboraldiko lehen nazioarteko proba egin ondoren, une honetatik aurrera datozen diren gertakarien zai geratu beharko dugu, egutegian mantentzen diren probak zeintzuk diren jakiteko. Ziur gaude gure palistek protagonista izaten jarraituko dutela, ospatzeko aukera dagoen txapelketetan.

IV SOPELA KOSTA FEST

Pasa den larunbatean, hilak 19, berriz ekin zitzaion jarduerari Kayak Surf modalitatean, IV. Sopela Kosta Fest jaialdia ospatuz, kasu honetan ere Euskadiko zein Bizkaiko Txapelketa izan zena.

Barrika Piragua Taldearen antolaketa lan bikainari esker, proba arrakastaz burutu zen, eta segurtasun osoz osasun arloan, eskatutako protokolo guztiak zorrotz betez.

Kirol arloari dagokionean, maila oso altua izan zen, Euskal Herriko espezialista onenekin.

Gizonezkoen Open HP kategorian Odei Etxeberria (RCNSS) nagusitu zen, eta emakumezkoen artean Ainhoa Tolosa (Hondar Kayak).

Open IC mailan, Gorka Martin (RCNSS) izan zen garailea, bere Open HPko bigarren postua hobetuz, eta beste behin, emakumeen artean, Ainhoa Tolosak (Hondar Kayak) irabazi zuelarik.

Masterretan, HPn Edu Etxeberría (RCNSS) izan zen garailea, IC mailan Oskar Martinez (Mundaka) nagusitu zen bitartean.

GrandMaster HP kategorian, berriz, Txema Carreto (Mundaka) izan zen garailea.

Gazteenen artean, Junior HP kategorian Aimar de la Fuente (Barrika P.T.) izan zen garailea, eta Junior IC mailan Eñaut Calvok (RCNSS) lortu zuen garaipena.

Kadete mailan, emakumezkoen parte-hartzea egon zen, HP eta IC mailan Xiang Messacasa RCNSS taldeko palista izanik irabazlea.

Kluben sailkapenari dagokionez, Donostiako Real Club Nautico izan zen garailea, Barrika P.T. bigarren eta Mundaka S.K.P.E. hirugarren.

Beraz, piraguismo jardunaldi polita izan zen, maila handikoa, eta behingoz Kayak Surf probekin hasteko aukera izan genuen, osasun segurtasun osoz.

Euskadiko Kayak surf Kopako hurrengo proba Lekeition izango da urriaren 24an.

Emaitza onak Sprint Olinpikoko selektiboan

Joan den asteburuan egin zen ezohiko denboraldi honetako Sprint Olinpikoko lehen proba, bakarra ere izango dena.

Irailaren amaieran Szegedeko Munduko Kopara joango diren palistak hautatzeko proba bat izan zen, parte-hartze murriztuarekin.

Baldintza klimatologikoek ez zuten lagundu eta ez zituen gauzak erraz jarri, haizeak gogor jo baitzuen, bereziki larunbatean eta igandean.

Euskal palistei dagokienez, Iñigo Peñak bere faborito izaera berretsi zuen K2 1000 metroko proban, eta bere taldekide Francisco Cubelosekin batera Munduko Kopan parte hartzeko sailkatu zen. K1 1000 metroko proban ere parte hartu zuen, laugarren postu on bat lortuz.

Begoña Lazkanok, bere aldetik, K2 500 metroko proban munduko koparako sailkatzea lortu zuen ere, Laia Pelachs Talde Nazionaleko bere kidearekin batera, eta K1 500 metroko proban zazpigarren postua lortu zuen.

Eneko Egigurenek eta Nerea Garciak ere parte hartu zuten hautatze probatan. Enekoren kasuan, K1 1000 metroko B finalean garaipena lortu zuen, eta K1 500 metroko B mailako finalean laugarren postua lortu zuen, distantzia hauetan bere aurrerapauso positiboa berretsiz.

Nerea Garciak 5. postu bikaina lortu zuen K1 200 metroko proban, eta K1 500 metroko B finalean garaile izan zen. Gainera, K2 500 metroko proban ere parte hartu zuen Barbara Pardorekin batera, helmugara hirugarren postu bikain batean iritsiz, eta garaipenetik oso gertu. Emaitza horiek guztiak merezimendu handikoak izan dira, Nerearentzat senior kategorian lehen urtea dela kontutan izanik.

Emaitza hauen ostean, Iñigo Peña eta Begoña Lazkano Szegedeko Munduko Kopara joango dira, eta bertan emaitza bikainak lortzea espero da, COVID-19aren eraginak markatutako denboraldi honekin amaitzeko.

 

 

Kayak Surf-eko lehiaketari berrekingo zaio Sopelan

Datorren irailaren 19an ekingo zaio berriro Kayak surf-eko lehiaketari, Barrika Piragua Taldeak antolatutako Sopela Kosta Fest IV. Koparekin.

Kasu honetan, aldi berean Euskadiko zein Bizkaiko txapelketa izango da.

Hori dela eta, parte-hartze maila handia eta giro bikaina espero dira, jardunaldi bakarreko formatuan.

Orain arte bezala, egutegiaren atalean aurkituko dituzue antolatzaileek eta parte-hartzaileek jarraitu beharreko oinarriak eta protokoloa.

Kutsadurarik egon ez dadin arauak zorrotz betetzea guztion erantzukizuna izango da.

COVID-19 KASUAN JARRAITU BEHARREKO PROTOKOLOA

Euskal Kirol Federazioen Batasunetik ondorengo informazioa helarazi digute:

Hau da protokoloa: kirolari batek edozein sintoma sentitzen duenean, bere etxean geratu behar du eta berehala deitu behar du herriko anbulatoriora egoeraren berri emateko. Osakidetza harremanetan jarriko da kirolariarekin, eta bilatzaileek hurbileko harremanen jarraipena egingo dute, eta erabakiko dute zer pertsonak egiten dizkieten pcr-ak eta nork behartzen dituzten koarentena egitera.

Garrantzitsua da klub bakoitzak arduradun bat izatea kasu horiek kudeatzeko, eta pertsona hori harremanetan jartzea kirolariari aldez aurretik deitu dion Osakidetzako bilatzailearekin, klubaren egoera azaltzeko eta, ahal den neurrian, klubaren barruan izan diren zuzeneko harremanak errazteko.

Eusko Jaurlaritzak COVID-19ak eragindako osasun arazoari aurre egiteko prebentzio neurriak eguneratzen ditu

AGINDUA, 2020ko abuztuaren 19koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laugarren aldiz aldatzen baita agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero. Agindu hori uztailaren 28ko eta abuztuaren 7ko aginduen bidez aldatu zen.

 

Hurrengo atala nabarmenduko dugu.

 

3.17.– Lehiaketak, kirol-ekitaldi eta -ikuskizunak, eta publikoa bertaratzea:

3.17.1.– Antolatzaileek baimena eskatu beharko diete erakunde eskudunei, lehiaketa gara-tzeko protokolo bat erantsita, higiene- eta urruntze-neurri guztien eta osasun-agintariek ezarritako beste edozein arauren jarraipena bermatzeko. Ekitaldi jendetsuetan, osasungin-tzako agintaritzak arriskuaren ebaluazioa egin beharko du, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren Osasun Publikoko Batzordeak adostutako dokumentu honen arabera: «Espainiako COVID-19aren ondoriozko normaltasun berrian egiten diren ekitaldi eta jarduera jendetsuetarako gomendioak». Ebaluazio horren arabera, EAEko organo esku-dunaren baimena izan beharko du ezaugarri horiek dituen ekitaldi bakoitzak.

3.17.2.– Kirol-lehiaketak, -ekitaldiak eta -ikuskizunak egin daitezke publikoa espazio itxietan dela, baimendutakoaren % 60ko gehieneko edukierarekin eta gehienez ere 600 pertso-nara arte. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa den (Bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoe-tan ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira eta). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da.

3.17.3.– Kirol-lehiaketak, -ekitaldiak eta -ikuskizunak egin daitezke publikoa aire zabalean dela, baimendutakoaren % 60ko gehieneko edukierarekin eta gehienez ere 1.000 pertso-nara arte. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segur-tasun-distantzia 1,5 metrokoa den (Bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik; horiek ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da.

3.17.4.– Aire libreko kirol-lehiaketak egitean, esaterako, arraunketa, atletismoa, errepideko txirrindularitza, automobil-rallyak eta antzekoak, ekitaldia gauzatuko den espazioa edo ibil-bidea aurrez mugatuko da, eta espazio edo ibilbide bakoitzean gehienez ere 1.000 pertsona baimenduko da. Bertaratzen diren edo parte hartzen duten pertsonen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa mantenduko da, eta maskara nahitaez erabili beharko da.

 

Ondorengo estekan agindua osorik duzue:

AGINDUA, 2020ko abuztuaren 19koa, Osasuneko sailburuarena

Jardunaldi ederra Donostia-Pasaia-Donostia Zeharkaldian bizitakoa

Joan zen larunbatean, abuztuaren 8an, COVID-19aren ondorengo bigarren Itsas Kayak txapelketa ospatu zen,.Donostia-Pasaia-Donostia Zeharkaldiarekin.

Protokoloak ezarritako neurriekin Real Club Náutico San Sebastian-ek antolatutako proba ospatu zen, klubaren parean hasi eta bukatuz.

Klubekako sailkapen nagusian Itxas-Gain Zumaiako Urola Itsas-adarreko P.K. izan zen garaile, bigarren Pasaia Kayak 2005 K.K. eta hirugarren Amuitz Outrigger P.K., aurreko astean Hondarribian gertatu zen bezala.

Banakako sailkapenean, gizon Senior K-1ean Jose Mari Villagarcía (Itxas-Gain Zumaiako urola Itsas-adarreko P.K.).izan zen garailea.

50 urtez beherako beteranoetan Bertol Badiola (Amuitz Outrigger P.K.) izan zen garailea, eta 50 urtez gorakoetan Javier Lizancos (Itxas-Gain Zumaiako urola Itsas-adarreko p.k.).

Emakumezko beterano K-1ean, Cristina Iraeta (Club Atlético San Sebastián) izan zen azkarrena.

K-2 gizon seniorretan, Carlos Jafet Urruzola eta Beñat (Pasaia Kayak 2005 K.K.) izan ziren garaileak eta K-2 mistoetan Irati Osa eta Unai Azkune (Itxas-Gain Zumaiako Urola Itsas-adarreko P.K.), azken hauek izanik frogako denbora azkarrena lortu zutenak.

Gaztetxoen parte hartzea ere izan genuen oraingoan, K2 junior neska mailan Sara Rezola eta Leire Sánchez izanik garaileak, eta gizonezko kadete K2 mailan Haritz Aizpurua eta Oihan Urbieta. Bi bikoteak Itxas-Gain Zumaiako Urola Itsas-adarreko P.K. klubetik etorriak.

Andrés López ere izan zen OC1-ean, estropada handi bat eginez.

Koronabirusak sortutako ziurgabetasun egoeraren aurrean, hau izan dugu Euskal Kanoe Federakuntzak aurtengo ezohiko denboraldi hontan antolatutako azken Itsas Kayak txapelketa.

Euskadiko Slalom-eko txapelketa bertan behera

RFEPek egutegi nazionalean aurreikusitako proba guztiak bertan behera utzi dituela argitaratu ostean, Slalomeko euskal batzordeak abuztuaren 9an Pauen egitekoa zen slalomeko Euskadiko txapelketa bertan behera uztea erabaki du.

Contactar

Paseo Anoeta 7 / Anoeta Pasealekua 7

Donostia - San Sebastian

Gipuzkoa

20014

Email: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Tel: 943 051365

Colaboradores

 

  A BILIN 21